Txapelketa Nagusia 2009
Kartzelako gaia | Kazetaria zara. Badakizu idazten ari zaren artikulua azkena izango dela
Unai Iturriaga
Noizbait ume nintzen hemen
noizbait bat umea bada
ta sarritan jotzen nuen
egunero letretara
kazetari izan nahi nuen
nire heroien gisara
ta munduari zabaldu
nere hizkien izara
unibertsitate baten
pasa ondoren bolada
bekario gisa jo nuen
etxe honetan aldaba
beldurrak lotu izan nau
egunkari honetara
ta beldur hori galtzeak
galduko nau beharbada
Hemen bada errege bat
inoiz ez dena ukitzen
jainko batek berariaz
omen duena erditzen
eta ze botere daukan
ez da errez deskribitzen
hasera baten neu ere
menera ohitu egin nintzen
gero hasten zara hemen
eta han gauzak aditzen
gaur ari naiz kazetari
gisara ai ni zerbitzen
ordenagailuan ez dut
zuzentzailea erabiltzen
idatzi ahala zergatik
dabiltza hitzak gorritzen
Hemen kazetari batek
nahiz izan hainbat talentu
Marokon behar ditugu
soiltasun ta baita tentu
beti egon zaitezke ta
hanka bat sartzeko gertu
askatasuna ez dute
hemen sekula ulertu
Sahara aipatzen bada
dena oihu ta mendeku
ez omen dute merezi
gugandik nahiko errespetu
artikulua badoa
kitto letra, kitto leku
Espainiak eta Marokok
hilko dute Aminetu
Aitor Sarriegi
Berrogeita hamar urte luzetan
idatzi det gai ugariz
kasu batzutan titular txikiz
sarri titular nabariz
azken urteak pasatu ditut
gainean presio handiz
lehengo garaiak gogoratuaz
sarri izu beldurgarriz
gutxitan pasa izan naiz ni lehen
esan dedanean neurriz
baina azken urte hauetan gabiltz
oso gertakizun larriz
hasi naiz eta ezabatu det
hamazazpigarren aldiz
hiru-lau enter sakatu eta
idazten hasi naiz berriz
“Egunkari”ko langile nintzen
orain epai eta auzi
batean nire hamaika lagun
errez dituzte nahasi
baina urtetan ofizioan
gauza asko ditut ikasi
ta kazetari bezala ere
gure mundutxoan hazi
lagun on batek filtrazio bat
oraintsu dit helarazi
guztia galdu nezake bertan
ta ezer ez irabazi
baina nik lana zein dudan orain
enuke nahi errez ahantzi
nola bukatu oso ondo dakit
baina ez dakit nondik hasi
Begia jarri nere aurretik
doan ilustrazioan
lehengo lantoki hartakoekin
zebiltzanez sesioan
“Egunkaria” itxi ziguten
indar demostrazioan
ta nik jakin dut intentzioa
ze bidetatik zihoan
interes asko gurutzatu zen
geneukan ilusioan
azkenerako dena bukatuz
polizi operazioan
idatzi det argitaratu
hobetzeko desioan
bihar goizean aterako da
lehenengo edizioan
Amets Arzallus
Hamasei urte ta “Egunkaria”n
hasi nintzen bekario
Martxelok hantxe jarri ninduen
beste baten gregario
gero “Berria”n saiatu nintzen
lan onaren ondorio
gero “Argia”n serio
besten hitzaren jario
berrogei urte pasatu ditut
berrogei kalendario
orain lumari tintaren partez
malko pila bat dario
Reala igotzen ikusi nuen
ta ahaztu nituen penak
kontatu nitun lehen pausoak
herri palestinarrenak
nola hogei urte iraun zituen
Evo gizon indigenak
eta gure preso denak
zirela senideenak
notizi on asko idatzi ditu
nere kazetari senak
baina oraindik gehiago dira
idatzi gabe daudenak
Hauxe dut nere azken eguna
askatu dut alkandora
luma malkoen atzetik joan da
paper fin zurian gora
eta gero prest maketarekin
hor daukat ordenadora
gaur egin behar dut froga
neure bizioa droga
idatz dezadan muga urtu da
Euskal Herria libro da
ez da egia baina egia
bihurtuko da gerora
Sustrai Colina
Hasera baten zirudien oso
berri arrunt ta arrunta
berriro ere Madril aldera
lau gazte atxilotuta
hiru barrura ta bat irten da
minduta arnas estuka
pausoa ezin zuzen emanez
ta aurpegia belztuta
ni “El Pais”eko kazetaria
barrenean ze burruka
arkatzai atera punta
ta papelean apunta
dena kontatzen hasi ezkero
postua galduko dut ta
dena neretzat gordetzen badut
neu egongo naiz galduta
Gazteak hala aitortu zidan
bi begiak mela-mela
infernu hutsa izaten dela
Intxaurrondoko kuartela
handik Madrila bidean ere
kolpeak izan zirela
salaketa bat lortu nahiean
tratatuz piztin bezela
justizia harek bere biderik
ezin zun egin bestela
ez dut pentsatuko bela
ta idatziko dut horrela
ondorioak ez dit ajola
datorrena datorrela
baina jendeak jakin behar du
hemen torturatzen dela
Kalabozotan izaten dira
mila amesgaizto gauka
nahiz handik irten ta familiak
esan animo ta aupa
hemen zeozer larria dago
ta harro nago salatuta
lehen esan dut ez justiziak
hau ez dula zigortu ta
nere barrua senti nezake
hortara derrigortuta
bihotza taupa ta taupa
hezurran izua zaunka
dena idatziz jokatuko dut
nere nagusien aurka
askatasuna ez da erosten
baina prezioa dauka
Andoni Egaña
Kaixo irakurle hau izango da
nere azkenengo zutabe
eskerrik asko puntu hontara
ezin iritsi zu gabe
odola daukat borborka baina
idatziko det xuabe
azken astetan bizilekua
izan baitut Kopenhage
han bildu dira bi alderdiak
han bildu dira bi alde
eta gainera elkarren mailan
eta biak parez pare
herri kontsulta gaur egin dute
ta emaitzak argi daude
Euskal Herria bihartik dugu
bere buruaren jabe
Gogoan daukat nola joan den
gure azkenengo urtea
ni hantxe bertan egokitu naiz
ze zori ta ze suertea
informazio agenda neukan
gauza potoloz betea
baina zedozer idatzi ezkero
nolako disparatea
luma etzana izan dut beraz
ez prestu ta ez tentea
nere ahoak ez du hitzikan
alperrikako botea
bi aldeentzat enaiz batere
kazetari txar torpea
negoziaketan dohaia baita
ixilikan egotea
Hainbat urteko ilusioa
mendetako aldarria
azkenerako finkatu dugu
guk nahi gendun oinarria
ta bere kasa abituko da
biharko Euskal Herria
ikusiko da zer tokatzen den
larrosa edo gorria
orain artean ez zen handia
nere bizitza neurria
oraingo hontan baietz esan dut
pauso ikaragarria
nere azkenengo zutabea dut
nago pentsatzen jarria
lehendakariak izendatu nau
Kultur sailburu berria
Jon Maia
Redakzioan bakarrik nago
ordua heldu bitarte
bakardadea izan daiteke
sentimenduentzat kalte
majina bat hitz idatzi ditut
zigor kode eta kate
beti izan dut realitatean
murgiltzeko borondate
ez det mugarik inoiz sentitu
ez muga eta ez epe
ni “Berria”ko kazetari naiz
patu hori baneukake
artikuloa bukatu det ta
orain punto ta aparte
izenburu hau ipini diot
kartzelara naramate
Espainiako mediotatik
sarri jaso det iseka
baina herrian hainbeste jendek
eman dit bere fereka
zazpi urtetan burua tente
ta bihotza neka-neka
esperantza ta gero beldurra
hori nere desoreka
herririk herri saldu izan det
majina bat kamiseta
ta artikulotan egin izan det
torturaren salaketa
eta ezerren damurik ez dut
nahiz eta etorri kolpeka
kartzelaraino naraman horrek
libre egiten nau eta
Artikuloak sortu ditzazke
horrenbeste katramila
lehenago ere horrelakoak
idatzi izan ditut mila
neri berdin zait nahiz juradotan
sor dezaken iskanbila
duintasuna bizirik dago
ta injustizia hila
artikulotan hau da azkena
ez da detaile sotila
barrenak hustu dena itzali
lasai geratu nadila
orain berdin zait baldin badatoz
txakur eta guzti bila
zentsurai buruz idatziko den
azkena izan dadila
Maialen Lujanbio
Mila ta bostehun karaktere
ia betiko erara
nere iritziz osatu ditut
hor gelditzen dira hara
nere afizio ta ofizio
hainbat urteko pasada
egin dut eta orain atzeruntz
itzultzen dut begirada
Del Olmok diost ai justizia
uste zendun zer zala ba
gure justizia zuentzako
prestatutako zelda da
beraz “Berria”n uzten dizuet
nere azken zertzelada
lehen idatzi nuenagatik
naramate kartzelara
Badaukat nahiko esperientzia
badaukat nahiko edade
berrogei urte kazetaritzan
jadanik enaiz nerabe
Euskal Herriko prentsan zentsura
aztertu nuen goi ta behe
ta hara orain zentsura bera
nere atean parez pare
ai Espainiko lege ta arau
ze ustel ze min ze grabe
ai gure hizkuntza txikituari
zenbat kolpe dohakabe
nahiz ta ni zeldan egongo naizen
letrarik idatzi gabe
nere ideiak milaka lagun
onen burun bizik daude
Ez dakit zein dan gure errua
baditugu zenbait kargu
ez jakinaren zama astuna
latz arrastaka dakargu
hau da bengantza hau da zigorra
eta biktimak gera gu
politikarin batek emana
gu isiltzeko enkargu
Arnaldoz eta beste zenbaitez
datorkit zenbait akordu
herrigintzan ari zaretenez
eskuz esku orduz ordu
letrak isildu nahian gabiltza
gatazka hau halamodu
idatzia izan, hitzezkoa izan
baina hitzak konponduko du
Aitor Mendiluze
Izan leike idatzi hau
karrerako azkena
beraz nere sinadura
behar du ez bestena
eta bertan kontatzen det
herri baten problema
bi begitan ikusita
ni hunkitu nauena
Aminetu deitzen dena
daramakien dema
bahituta bere etxetik
behin atera zutena
nork eman du agindua
nork eman du baimena
Bizirik da gaur bizirik
batek daki biharko
kontzientziak astintzeko
gaur idatzi beharko
bandera bat agertu da
azkenaldian franko
Aminetuk bandera hau
hain bere duelako
zuri ta beltz, berde, gorri
lau margo aukerako
askok ez du patrikatik
askotan aterako
nahiz ta gero jartzen duten
argazkietarako
Begirada luzaturik
Saharako herrira
ikusten da izateko
herriaren desira
horren alde borrokatu
eta bahitu di da
galdetu ez eta eraman
nahi ez zuen tokira
gobernua diotenez
ahalegintzen ari da
zein alperrik den kondena
urrutitik begira
Zapatero mugi zaitez
azken arnasak dira